2018ko irailaren 17a 01:45

AAL Forum 2018: zahartze aktiboari buruzko bilgunea

Urriaren 1ean ospatzen den Adinekoen Mundu Egunari ongi etorria emateko Bizkaiak zilarrezko ekonomia deritzon horretan Europan nagusitu diren azken joeren erakusleiho izan nahi du, aldaketa demografikoen emaitzako arazoei lotuta baina, aldi berean, hala ikuspegi publikotik nola pribatutik adineko pertsonen zahartze aktiboa hobetzeko burutzen ari diren praktika onak erakutsiz.

Hori guztia landuko da Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu duen hurrengo Bizkaia Silver Week-n. Ekitaldia Bizkaiko hiriburuan ospatuko da datozen egunotan. Programatu diren ekintzen barruan, inolako dudarik gabe, irailaren 24tik, astelehena, 26ra arte, asteazkena, burutuko den AAL Forum 2018 azpimarratu behar da.

Oso argi dago ekitaldi hau adineko pertsonen bizitza aktiboaren arloari zuzendutako bilgune nagusia dela Europan. Aurreikuspenen arabera Europako toki guztietatik zahartze aktiboaren arloko 500 profesional eta gizarte-eragile baino gehiago etorriko dira.

AAL Forum-aren aurtengo edizioa hamargarrena da eta bere titulua “ONDO ZAHARTZEA ARO DIGITALEAN: aldaketarako agenteen komunitatearen zabalaldia» da. Foroaren antolatzaileen asmoa bertaratuko diren pertsona guztiak era aktiboan ekosistema berri batera erakartzea da, pertsonak, gizartea eta sektore industrialaren onerako izango den “zilarrezko ekonomia” inklusiboagoa garatzera orientatuta egongo den ikuspegi sozial eta ekonomiko berria izango duen ekosistema, alegia.

AAL Forum beste helburuetako bat adineko pertsonen segmentuaren bizi-kalitatea hobetzeko diseinatuta edo pertsona horiei egokituta egongo diren produktu edo zerbitzu berrien bidez negozio aukera berriak sustatzea da, adineko pertsona horiei bizitza independentea bideratuz. Jakina, jorratu behar den esparru horretan teknologiak eragin adierazgarria edukiko du muga funtzionalak gainditzeko eta irisgarritasuna edo zaintzak hobetzeko.

Irekieraren egunean, astelehenean, hilak 24, arratsaldean, hasierako hitzaldiak ez ezik, Royal College of Art-eko Jeremy Myerson-ek Keynote speech eskainiko du. Egun horretan, halaber, Zahartze Adimentsuaren 2018 Sariak banatuko dira (Smart Ageing Prize 2018); sariok jasoko dituztenak bost proiektu izango dira. Ostean ekitaldiaren agintari anfitrioiek cocktail bat eskainiko dizkie bertaratutako eta eskuorde guztiei.

AAL Forum programan (osoko bilkura, tailer eta workshop guztietan erabiliko den hizkuntza ingelesa izango da) bi osoko bilkura egongo dira. Osoko Bilkura horietan 10 txostengile egongo dira, hiruko ikuspegi batetik abiatuta zahartze aktiboaren euren ikuspegia aurkeztuz:

  • amaierako erabiltzaileen ikuspegia (adineko pertsonak),
  • erakundeen ikuspegia (Europar Batasuna bera, EBko herri guztiak, Europako erregioak eta udalak),
  • eta ikuspegi industriala.

Osoko Bilkuretan lehentasuna txostengileen arteko eztabaidak eta interpretazioak edukiko du, eta baita entzuleekiko elkar eragiketak eta horien parte hartze aktiboak ere. Forumaren programa 26 workshopekin (gai jakin bati buruzko lan-tailerrak) osatzen da. 25ean eta 26an egingo diren tailer horietan 75 txostengile eta aditu baino gehiagok jardungo dute.

Ideia lan-talde, adituen panelekin burutuko diren eztabaida, world kafea eta bestelako dinamiken bidez ekitaldira bertaratuko direnekiko elkar eragiketa eta horien parte hartzea sustatzea da. 26 workshop hauek hiru dinamika nagusiren inguruan antolatu dira:

  1. gaia: Bizitza AALren ostean (zahartze aktiboa eta osasungarria, ingelesez dituen sigletan): AAL irtenbideak merkatura iristea bermatzea.
  2. gaia: Enpresatik kontsumitzailearengana: zilarreko ekonomiaren dimentsioa.
  3. AALrekin lotuta dauden ekosistemak.

Azkenik, Forumak esparru bat edukiko du arlo honetan Europa egiten ari denaren 40 ‘poster’ edo adibide zehatz baino gehiago ikusi ahal izateko; etenaldietan zehar aurkeztuko dira, 10 minutuko saioetan.

Aldi berean, antolatzaileek ‘matchmarkinga’ (bertaratzen diren profesionalen arteko komunikazio zuzeneko saioak edo bilerak, euren lehentasunen arabera) errazteko espazio bat prestatu dute, Forumera etorriko diren erakunde interesdunen arteko kontaktuak eta aurrez-aurreko bilerak sustatuz. Matchmaking” saio hauen antolakuntza App Store edo Google Playtik deskargatuko den AAL FORUM 2018ren app baten bidez egin ahal izango da.


Argazkiak